XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

T-k badaki margoetan sartzen ixilik eta begiratzen deus hunkitu gabe, deus mugitu gabe.

Ez du beste metodorik ezagutzen denbora eta espazioaren zehar piaiak egiteko.

Zertako margo horrek hoinbeste tiratzen ote du? Abenida uzten du karrika kalme batean sartzeko.

Pubelak ateraiak dituzte.

Plastikozko boltsa beltzak. Gatu bat miauka. Distraituki karesatzen du.

Aintzinean bere xakurra piz egitera ateraia duen gizon adinekotik kanpo, ez da nehor. Autoen lerrokada.

Arroiletan paper zikinak, kapota ingelesak, jeringa bat edo bertze.

Parke edo plaza ttipi baten bila dabila orain alki baten gainean pausatzeko; oinetakoek orain min egiten diote.

Magritte-n zeruari pentsatzea gustatzen zaio.

Behardun bat jarria dago lurrari begira ate baten kontra, gizarte zibilizatuak asmatuak dituen erregelen margenean.

Marginazioa, egun lilluragabeen zerrenda hutsa.

Errebide edo karrika bazterreko xoko ilun batean hilen dira ixilik, pleñitu gabe.

T. oroitzen da uda huntan lagun batek erran dioenaz, Iruñeko medizinako fakultatean biziki kondizione onak dituztela ikasketak egiteko; gorputz bat hamar ikaslentzat.

Lagunak erran dio nundik datozen gorputzak... T-k denak arras ongi konprenditzen ditu, zientziaren beharrak etab. funtsean, bera ere prest liteke bere gorputza medikuntzari uzteko... Bainan, fakultatean dituzten gorputzak, kasik denak, karrika bazter horietan atxeman gorputz ezezagunetarik dira.

Sekulan nehork erreklamatzen ez dituenak... Arratoin batzuen gisan hilak, anonimoki hutsean ezereztuak... Konturatu gabe kasik, aspalditik bilatzen duen enparantza ttipi batetara ailegatzen da; badirudi hiriaren parte zaharrean dagoela orain.

Enparantzaren erdiko lorategia alegeratzen duen iturri zahar haren kristalezko murmuriotik kanpo ez da fitsik entzuten.

Hurbiltzen da eta atxeman duen lehendabiziko alki berdearen gainean jartzen.

Halako bake batek ingurikatzen dio gorputza.

Leoi buru gastatutik ixurtzen den urak goxatzen dio bihotza.

Gustatuko litzaioke egun batez XVIII. mendeko iturri batzuen irakurketa esoterikoa ezagutzea.

Hanartean uraren musikak betetzen du.

Ia ahantziak dauzka duela zenbait minutu kurutzatu dituen abenida zabal eta argiztatuak. Loeria heldu zaio.

Alki gainean etzaten da luze luzea, bere gabardina gainean paratuz. Begiak hesten zaizkio.

Uraren murmurioa, amodiozko kantu goxo bat bezala heldu zaio belarrietara. Bakea.

Nahiko luke basamortuan atxeman duen arrosadi fresko honetan gelditu betiko... Ahanzduraren atarian etzana, gizonen lasterkada ergeletatik urrun, iturri xahar honen babesean.

Biharamunean iduzkia sortuko.

Iduzki sortzearen irudi arrosa-indioarekin lokartzen da.

Magritte-k pintatuzko plastrezko emazte buru haren irriño ezti berbera ikusten diot ezpainetan.